domingo, 23 de diciembre de 2018

Azken sarrera

Oraindik gogoratzen naiz “Irakasle funtzioa” irakasgaiaren izena ikusi nuenean ez neukala ideiarik zertaz izango zen, nahiz eta izena bera esan. Hasieran nahiko galduta nengoen, ez nekien ezta ere zer zen portfolio batek, eta inoiz ez nuen blog bat egin. Klasean hasi ginen testuen eta bideoen inguruan ideiak ateratzen eta hausnartzen horiei buruz, nik oraindik ez nuen ondo ulertzen zertarako, baina dena nire ordenagailuan idazten nuen. Portfolioekin hasteko garaia iritsi zen eta, klasean jasotako ideiaz hasi nintzen hausnartzen, lehenengo bat gero bestea… eta horrela denak bukatu arte.

Orain behin sarrera guztiak bukatuta, “Irakasle funtzioa” irakasgaia ulertzen dut, ez bakarrik irakasgaia zer den, baizik eta zertarako balio duen ere. Irakasgai honek baliagarria izan zait, ulertzeko nola izan behar den irakasle batek edo etorkizun ez oso urrun batean nola izan beharko naiz ni. Irakasle baten zeregina zein den orain nahiko argi daukat, baina beti zerbait berri ikasi ahal da.  Niretzat ikasi ditudan gauzetaz, garrantzitsuena da umeari askatasuna eman behar zaiola, beti pentsatu dut umearen gainean egon behar garela helduak garelako eta badaezpada umea kontrolatu behar genuela.

Landu ditugun testu eta bideo horiek lagundu didate hausnartzera zer nolako esku hartzea izan behar dugun irakasleok umeekin, edo hobeto esanda hainbeste esku hartzea ez dela hoberena, baizik eta umeak bere kabuz esperimentatzeko eta esploratzeko gaitasuna garatzeko oportunitatea eman. Umeari ezin diozu esan zer egin, ezta nola egin, ezin da behartu berarentzat naturala ez den egoera batera, umeak analizatu behar du bere kabuz.

Beste aldetik, jolasaren garrantziaz ohartu naiz, nire ikuspuntua jolasarekiko guztiz okertuta zegoen, uste nuen jolas momentuak bakarrik zeudela dibertitzeko eta listo. Orain badakit jolasa dibertsio hutsa baino gehiago dela, eta jolasean bizitzarako oinarrizkoak diren ezagutzak jasotzen dituztela umeek. Hori dela eta, nire ardura da irakasle bezala jolasa bultzatzea, baina jolasa librea. Jolasa librearen inguruan ere zertxobait ikasi dut, jolasa librean  helduek ezin diete esan umeei nola jolastu behar duten edo zertara jolastu behar duten, hori ez dielako laguntzen, guztiz kontrakoa. Umeek behar dute jolasteko askatasuna, orduan irakasleen zeregina beraz da jolas espontaneoa bultzatzea, beraien kabuz deskubritzeko eta jakin-mina pizten dien gauzez ikasteko, horretarako helduek alde batera egon behar dira, helduen esku-hartzea ez delako beharrezkoa, ikasten dutenean bakarrik egiten dute.

Azkenik, teknografien inguruan ere zerbait esan dut. Niretzat teknografiak guztiz aberasgarriak eta interesgarriak izan ziren, elkarrizketak baino gehiago esango nuke.
Teknografiekin nire burua hobeto ezagutu nuen eta besteei ere. Erabilgarria izan zait ulertzeko zergatik erabaki nuen irakaslea izatea etorkizun batean. Teknografian aipatzen dudan bezala, nire haurtzaroa guztiz zoriontsua izan zen eta modu batean irakaslea izanez eta haurrekin egonez nire haurtzarora bueltatzeko oportunitatea izango dut. Gainera irakasle batek eman zidan zaplaztekoa aipatu nuen, eta hori da nik irakasle bezala egin ez nahi dudana ikasleekin, biolentzia ez delako beharrezkoa hezkuntzan, nik nire “granito” jarri nahi dut gauzak aldatzeko. Baina horretarako, karrera bukatu behar dut eta joan ikasten prozesu honetan.

viernes, 7 de diciembre de 2018

Loczy (bideo forum)

Nor zen Pikler Loczy eta zer ekarpen egin zituen?

Emmi Pikler (1902 – 1984) pediatra hungariarra izan zen, Budapesten igaro zuen haurtzaroa, 1908an familia hara aldatu baitzen, eta 1920an itzuli zen Vienara, medikuntza-ikasketak egitera eta pediatrian espezializatzera. Pikler-ek bere lana haurraren bi beharretan zentratu zuen: atxikimenduaren beharra eta autonomiaren beharra. Pikler pedagogia 4 printzipio garrantzitsuetan oinarrituta zegoen: Jarduera autonomoaren balioa, erlazio afektibo pribilegiatuko balioa eta beraren garrantzia, haurrari bere inguruneko eta bere kontzientzia hartzearen laguntzeko beharra, osasun-egoera on bat izatearen garrantzia.

Nolakoa da Loczy haur hezkuntza? Ezaugarri nagusiak:

Lehenik eta behin, esan beharra daukat, inoiz ez nuela Loczyren inguruan ezer entzun, eta bideo honekin, umeen garapenari buruz eta hezitzaileen paperari buruz asko ikasi dudala. Loczy haur eskolan lortu da Pikler-en ideiak plasmatzea, batez ere eta garrantzitsuena dena, umeari errespetatzea eta askatasuna ematea, espazioa eta denbora eskaintzea azken finean.
Ezaugarriekin hasteko, niretzat garrantzitsuena denarekin hasiko naiz, hezitzaileen eta umeen arteko erlazioa berdintasunekoa dela, hau da, heldua jaisten da umearen mailara modu batean, honek esan nahi du, helduak ez duela bere autoritatea aplikatzen, haurrari berdina bezala tratatzen duela. Hauek daukaten harremana orekatua eta osasuntsua da, modu honetan umea helduarengan konfiantza izanez, lasai garatzeko eta hazteko ahalmena izango du eta ez hori bakarrik, seguru ere sentituko da eta ondorioz, jolas librean arituko da arazorik gabe. Gainera Pikler-ek zuen ideia kontuan hartuta: gehiago ikusi eta gutxiago esku hartu, umeak bere kabuz esperimentatzeko eta esploratzeko gaitasuna izango du, umeari ezin diozu esan zer egin, ezta nola egin, ezin da behartu berarentzat naturala ez den egoera batera, umeak analizatu behar du bere kabuz. Familiak normalean umeari ikusten diote jolasteko panpin bat bezala, baina Loczyn umea heldu bat bezala tratatua da eta adiskide bat bezala ere, beste leku batzuetan ez zaie errespetatzen ez beraiei ez beraien borondateari.

Nolakoak dira hezitzaileak? Nola tratatzen diete umeei? Hezitzaileen prestakuntza.

Loczyko hezitzaileek, modu ezberdin batean ikusteko eta pentsatzeko prestatu dira, adibidez haurraren erritmoak eta seinaleak kontutan hartzera ikasi izan behar izan dute; haurraren gorputza tratatzera: nola zaindu, nola hartu, nola jaso, nola sostengatu, nola utzi…; haurrari egingo zaion guztia, aurrez, hitzez jakinaraztea eta haurraren garapenaren inguruko behaketak egitera eta jasotzera. Aipatutako ekintzak edo ikasitako gauzak, ez dira batere errazak, prestaketa oso sakona eskatzen du, eta edonork ez du balio horretarako.
Hezitzaileen zeregina gehien bat behatzea da, umeari aske uztea eta bakarrik esan hor dagoela eta zerbait behar badu momentu batean, laguntza eskatu ahal duela.
Hezitzaileen enpatia nabarmena da, beti hitz aproposak aukeratzen dituzte haserreak desagerrarazteko, gainera ez diete zigortzen ezta haserretzen, umeek diren moduan izateko eskubidea errespetatzen dute, horrela umea ez sentitzeko lotsa edo erruduntasuna, saiatzen dira umeei hezitzen eta ez degradatzen edo beheratzen, umeei gauzak ulertarazteko azaldu behar zaie lasaitasunez eta modu egoki batean.
Niri deigarria iruditu zait nola hezitzaileak narratzaile papera hartzen duten, hau da, haurrari egingo zaion guztia, aurrez, azaltzen zaio, modu horretan umea ez sentiarazteko panpin bat bezala, baizik eta prozesuan parte hartzen duela, horrela, umea bere autonomia hobeto garatuz. Kontuan hartzen zaionez, pertsona aktibo bat izango da prozesuan.

Zaintza:
Loczyn zaintza momentuei garrantzia asko ematen zaie, zaintzetako une horietan behin eta berriz adierazten zaio zer egingo zaion, eta haurrak nola erreakzionatzen duen behatzen da. Hasieran txikiegia izango da, baina, handitzen doan heinean zer etorriko zaion ulertzen joango da. Haurrak gertatu aurretik jakingo du zer espero behar duen helduarengandik. Ez dago ezustekorik, haurrak badaki,  hitzez esaten zaiolako. Txikitatik hezitzaileak bere gorputzean zer gertatzen den ulertzen laguntzen dio haurrari Loczyn.
Baina ez hori, soilik. Prozesu horretan biak elkarrekin daudela ere ulertarazten dio, berriz ere konfiantza harreman hori sustatuz. Haurren ekimena, txikia izan arren, errespetatu egiten da eta baita goraipatu ere. “Lortu dugu!” bezalako adierazpenak entzuten dituzte umeek hezitzaileengandik.

Mugimendu autonomo librea:

Lehen esan dudan moduan, Loczyn umeari askatasuna ematen zaio, umeak haurtzaroan beraien burua ezagutzen ari direnez, hau da, bere gorputzaren eta gaitasunen ezagutzak lortzen, helduen esku hartzea guztiz soberan dago. Mugitzea, azken finean, mundurantz bidea egitea da. Eta oso garrantzitsua da bide hori norberak egitea. Haurra, bide hori egiten ari denean, bere burua aurkitzen ari da. Nolako funtzionamendu autonomoa izan duen ezagutzen du pixkanaka, zer nolako estrategiak erabiliko dituen independentea izateko, sozializatzeko... Eta zalantzarik gabe bere buruarengan konfiantza lortzen joango da: “Ni hori egiteko gai naiz”, pentsatuko du. Baina nola ulertzen da mugimendu libre espontaneoa? Haurrari berez egindako mugimenduan garatu dadin uzten.
Oso ohikoa da gurasoak parkeetan ikustea haurrak ‘behartzen’ eta nola egin behar duten azaltzen: “Orain hanka bat, orain apur bat gorago, ondo ondo segi horrela!” Baina haurrak arraro begiratzen dio, ez duelako ulertzen. Ez duelako bere gorputzean ezta bere buruan integratu. Prozesuak aurreratzen saiatzen garenean horrelakoak gertatzen dira. Baina modu naturalean egiten direnean, haurrek garapen maila garrantzitsua erakusten dute.

Ondorioak, Loczy printzipioak:

Bukatzeko, Loczyn dauden printzipio nabarmenenak edo garrantzitsuenak aipatuko ditut, modu honetan hausnarketa honi amaiera borobil bat emateko.
Umearen ziurtasun fisiko-afektiboa bermatzea, bakarkako harremanetan oinarrituta, heldu bat erreferentzia izanik.
Umeari mugimendu autonomo librean garatzeko behar dituen baldintzak eskaintzea, bere garatzeko gaitasunetan konfiantza lortuz.
Ekintza autonomoan sortutako bereziki jarduera librean aritzeko denbora eskaintzea.
Ez dira garai errazak. Gure gizarteak ez du zaintzen, edo gero eta gutxiago zaintzen du, eta gero eta gehiago kostatzen zaio zaintzeak duen garrantziaz jabetzea.